Adimenaz zer ulertu behar den definitzea ez da erraza; asko izan dira historian zehar berau zehazten saiatu direnak eta, ondorioz, elkarren oso desberdinak diren definizioekin egiten dugu topo. Adimenaren kontzeptuak aldaketa handiak izan ditu denboran zehar, eta, nahiz eta XX. mende hasieran adimenaren inguruko teoriak Inteligentzi Kozientearen neurketa hutsean oinarritu, laurogeigarren hamarkadaz geroztik, adimena ulertzeko eta aztertzeko modu edo ikuskera berri bat zabaldu zen.
Adimen Anitzen teoriaren aitzindariak, giza adimenak dimentsio desberdinak dituela-eta, adimenaren neurketa ezin zitekeela proba psikometrikoen emaitzen azterketara mugatu adierazi zuen; izan ere, tresna honen bidezko neurketetan alderdi linguistikoak, matematikoak eta espazialak baino ez dira kontuan izaten, gizakiarentzat garrantzia duten beste batzuk -alderdi emozional eta sozialak, esaterako- alde batera uzten diren bitartean. Gardnerren esanetan, adimena ez da unibertsala, eta, adimen anitzen teoriak, inteligentzia bakarra arbuiatuz, garrantzi bera duten zortzi adimen desberdin proposatzen ditu.
Sarean aurkitutako adimenaren inguruko dokumentu hau, adimenaren kontzeptuaren bilakaera ulertzeko oso erabilgarria iruditu zait; izan ere, itxuraz testu oso landua ez dirudien arren, denboran zehar, adimena ulertzeko gailendu diren joera desberdinak azaltzen ditu modu sinplean. Kontzeptua definitu ostean, proba psikometriko edota Koziente Intelektualen neurketak aipatzen dira testuan, adimenaren ikuskera tradizionalaren baitakoak, alegia. Geroago, aldiz, ikuspuntu honi egiten zaizkion kritiketara igarotzen da, azkenik, Adimen Anizkunen teoriaren ikuspuntua azaldu, eta adimen-mota desberdinekin amaitzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario